Veneno, Kiko
(Jaiotza izena, José María López Sanfeliú). Espainiar musikaria (Figueres, Girona, 1952). Aita militarra zuen eta Andaluziara bidali zuten berak bi urte zituela. Andaluzian hazi eta hezi zen. Filosofia ikasketak egin zituen, eta unibertsitatean kantatu zuen lehen aldiz, 1971n, greba baten kariaz. Geroago, Raimundo Amador eta haren inguruko musikariak ezagutu zituen, eta Veneno taldea izango zena osatzen hasi ziren, bien ekimenez. 1977an CBS etxearentzat grabatu zuten, Madrilen, beren lehen diskoa, arrakasta handiz. Hala ere, taldeak ez zuen urtebete iraun, Kiko eta Raimundo elkarrekin haserretu zirelako. 1981ean agertu zen berriro Kiko Veneno, eta hurrengo urtean Seré Mecánico Por Ti diskoa grabatu zuen. Geroztik egindako disko arrakastatsuena Échate un Cantecito (1992) izan zen, Santiago Auseron (Juan Perro) musikariaren laguntzarekin batera grabatua. Beste zenbait lan aipagarri: Si Tú, Si Yo (1984), Pequeño Salvaje (1987), El Pueblo Guapeao (1989), Está Muy Bien Eso Del Cariño (1995), Punta Paloma (1997), Puro Veneno (1998).