Vautrin, Jean
(Benetako izena, Jean Herman). Frantses zinemagilea eta idazlea (Pagny-sur-Moselle, 1933). Bigarren mailako ikasketak Auxerren egin zituen eta 1952an I.D.H.E.C lehiaketa irabazi zuen. Literatura frantseseko irakasle aritu zen Bombayko Wilson Collegen, eta aldi berean, hainbat lan egin zituen zinemarako. Aipagarria du, Satyajit Rayren Pather Panchallen frantsesezko bertsioa, eta Cahiers du cinéma eta Cinéma 56 aldizkarietarako artikuluak. Illustrated Weekly umorezko marrazkiak argitaratu zituen, eta aldi berean, bi dokumental osatu zituen. 1956-1958 bitartean, Roberto Rosselliniren laguntzaile izan zen India filmean eta J’ai fait un beau voyage telebista saioan. Frantziara itzuli zenean, telebistan aritu zen laguntzaile gisa Minellirekin eta Rivetterekin. Aldi berean, estatubatuar filmetan parte hartu zuen, hala nola, Egun luzeena. Gudarosteko zinematografia zerbitzuan aritu zen bitartean film labur ugari egin zituen, ondoren, 1970eko hamarraldiaren erdialdean, Jean Cayrolen laguntzaile izan zen Graziazko kolpea filmean, Les Peupliers de la prétentaine feuilleton-a izenpetu zuen (1974) eta Le Dimanche de la vie (Bizitzaren igandea), Adieu l’ami (1967, Agur adiskidea) eta Jeff (1968) egin zituen. Azken horiek izugarrizko arrakasta izan zuten. Hogei bat filmetarako agertokiak antolatu zituen, egokitzaile gisa aritu zen edo elkarrizketak osatu zituen. 1973an gertatu zen zinemarekiko haustura eta lehenengo eleberria argitaratu zuen, Ŕ Bulletins rouges. Lan hura estilo arin eta gogorrekoa zen, ahozko hizkeraren ezaugarriez aberastua, eta umore beltzaren bidez, nahasirik dagoen gizartearen hondamendia aztertzen du. Ondoren beste hainbat eleberri idatzi zituen, filosofia pesimistaren ezaugarriak erakusten zituena: Mister Love (1977), Typhon gazoline (1979), Bloody Mary (1979), Groom (1980), Canicule (1982), La Vie Ripolin (1986), Un Grand pas vers le bon dieu (1989, Goncourt saria). Bestalde, kontakizun bildumak argitaratu ditu, Patchwork (1983) eta Baby boom (1985, Goncourt saria). Dan Franckekin batera zenbait eleberri idatzi ditu Boro erreportari eta argazkilariari buruz: La Dame de Berlin (1988, Berlingo dama), Le Temps des cerises (1990, Gerezi aldiak), Les Noces de Guernica (1994, Gernikako ezteiak), Mademoiselle Chat (1996). Azken urteetako lanen artean aipagarriak dira Symphonie-Grabuge (1994) edo Le Roi des ordures (1997, Zaborretako erregea) eleberriak, eta Un Monsieur bien mis (1997, Gizon bat ondo jantzia).