Vasmosy Monti, Juan Carlos
Paraguaitar politikaria (Asuncion, 1939). Errepublikako lehendakaria 1993-1998 bitarteko urteetan. Ingeniaritzako ikasketak egin zituen Asuncioneko Unibertsitate Nazionalean. Itaipuko urtegia eta zentral hidroelektrikoaren eraikuntzaz arduratu zen enpresa partzuergoko lehendakari izan zen, eta Yaziretako konplexu hidroelektrikokoa ere bai. Alfredo Stroessner diktadorearen agintaldiaren (1954-1989) amaiera ekarri zuen estatu kolpearen ondoren, Andrés Rodríguez jeneralaren gobernuak (1989-1993) Integrazio ministro izendatu zuen, Paraguaiko merkataritza harremanak bultzatzeko eta herrialdearen aurrerabidea azkartzeko eta indartzeko. Alderdi Gorriaren lehendakarigai izendatu zuten eta 1993ko hauteskundeak irabazi zituen. Demokraziarik ia ezagutu ez zuen herri baten aldaketa bultzatu zuen eta nazioarteko irudia garbitzen ahalegindu zen. 1996ko apirilean militarrak aginpidea indarrez hartzen saiatu ziren, Lino César Oviedo jeneralaren gidaritzapean. Urtebete geroago, urriaren 30ean, lehendakariak Oviedo atxilo hartzeko agindua eman zuen, hilabete lehenago Oviedok lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeetarako Alderdi Gorriaren lehendakarigaia izenda zezatela lortu ondoren. 1997ko abenduan Oviedok bere burua entregatu zuen poliziaren aurrean eta hurrengo urtean epaitegi militar batek hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion. 1998ko maiatzeko lehendakaritzarako hauteskundeetan Alderdi Gorriko hautagai berria, Raúl Cubas, atera zen garaile.