Valéry, Paul
Frantses idazlea eta poeta (Sète, 1871 - Paris, 1945). Zuzenbide ikasketak egin zituen Montpellier-en eta, aldi berean, literatura eta arkitektura landu zituen. Hogei urte zituela Parisa joan zen. 1889an hasi zen poemak argitaratzen, sinbolisten aldizkarietan. 1892-1917 bitartean, ordea, literatura alde batera utzi eta matematika, arkitektura eta dantza landu zituen batez ere. 1917an, André Gide idazleak bultzatuta, lanak argitaratzen hasi zen berriz. La Jeune Parque, mitologiako hiru Parka edo Patuetan gazteenetakoaren kontzientzia hartzeari buruzko poema bilduma argitaratu zuen lehenik, arrakasta handia izan zuena, eta ondorengo lanekin, Album de vers anciens eta Charmes ou poèmes (“Le cimetière marin”, Valéryren poema nagusietakoa, barne duen bilduma), Frantziako poeta hoberenaren ospea lortu zuen. 1925ean Académie Françaiseko kide egin zuten eta 1937an Collège de Franceko poesia irakasle izendatu zuten, berarentzat bereziki sorturiko postuan. Poesiaz gainera, saiakera eta hitzaurre ugari idatzi zituen, era askotako gaiei buruzkoak: idazleak eta idazkera, filosofoak eta hizkuntza, margolariak, dantza, arkitektura. Valéryren beste lan aipagarri batzuk: Introduction à la méthode de Léonard de Vinci (1895, Leonardo da Vinciren metodoari sarrera), “La Soirée avec Monsieur Teste” (1896), Poésie (1930), egards sur le monde actuel (1931, Gaurko munduari begirada), Degas, danse, dessin (1938),Variété (5 ale, 1924-44, Ugaritasuna), Cahiers (Koadernoak, 1957-61).