Valladolid
Espainiako ipar-mendebaleko hiria eta izen bereko probintziako hiriburua (Gaztela-Leon), Pisuerga eta Esgueva ibaien bilgunean. 341.194 biztanle. Unibertsitatea. Aireportua. Garrantzi handiko errepide gunea. Merkataritza eta industria (ehungintza, janari industria, automobilgintza, eraikuntzarako gaiak, kimika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak; hiri inguruko nekazaritza eta basogintza ere garrantzi handikoak dira. Monumentu asko gorde ditu hiriak; aipagarriak dira XV. mendearen bukaerako Santa Cruz ikastetxea, 1346an sortutako unibertsitatea (XVIII. mendeko aurrealde barrokoa), 1585ean Juan de Herrerak hasi eta amaitu gabe utzi zuen katedrala, San Gregorio kolegioko eta San Paulo komentuko aurrealde gotikoak, Santa Maria la Antiguako eliza erromanikoa eta Diputazioaren jauregia. v Historia. 1074. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. Alfontso VII.aren, Filipe II.aren eta Filipe III.aren agintaldietan Gaztelako hiriburua eta erregeen egoitza izan zen. 1600-1606. bitarteko urteetan Espainiako hiriburua izan zen. XVII. mendetik aurrera gainbehera izan zuen. Espainiako Erregetzarako Gerran Filipe V.aren alde egin zuten Valladolideko herritarrek. XIX. mendearen hasieran frantsesek hartu (1818-1814) eta kalte handiak egin zizkioten hiriari. XX. mendearen erdialdean ekonomiak aurrerapen handia egin zuen.