Valera y Alcalá Galiano, Juan
Espainiar idazlea eta diplomatikoa (Cabra, Kordoba, 1824 - Madril, 1905). Granadako eta Madrilgo unibertsitateetan ikasketak egin ondoren diplomazia hartu zuen lanidetzat; Napoli, Lisboa, Rio de Janeiro, Dresden, San Petersburgo, Frankfurt, Washington, Brusela eta Vienan izan zen enbaxadore. 1868. urtean Espainiako estatuko idazkaria izendatu zuten Madrilen. Diplomatiko trebea izan bazen ere idazle gisa nabarmendu zen batez ere. Egunkari ezagun batzuetan artikuluak eta saiakerak idatzi ondoren (1862, Sobre el Quijote; 1864, Estudios críticos sobre literatura, política y costumbres de nuestro días), 1873. urtean argitaratu zuen bere lehen eleberria, arrakasta handia izan zuena, eta, maisutasun handiz, Andaluziako nekazarien bizimodua islatu zuena: Pepita Jiménez. Ondoren Las ilusiones del doctor Faustino (1875, Faustino doktorearen ametsak) eta Doña Luz (1879) eleberriak idatzi zituen. 1881. urtean bizitza guztirako senatari izendatu zuten eta, Ameriketan eta Europan zehar bidaiatu ondoren, 1895ean Espainiara itzuli zen. Handik gutxira argitaratu zuen bere eleberri ospetsuenetako bat, Juanita la Larga (Juanita Luzea). 1861 urteaz gero Espainiako Hizkuntza Akademiako kidea zen.
- Valentino
- Valentzia
- Valentzia
- Valentziako Autonomia Erkidegoa
- Valenzuela, Fernando de
- Valera y Alcalá Galiano, Juan
- Valera, Eamon de
- Valera, Víctor
- Valeriano
- Valerio Flako, Kaio
- Valerio Maximo