Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valentzia

Espainiako ekialdeko hiria eta portua, izen bereko probintziako eta Autonomia Erkidegoko hiriburua (Valentziako Autonomia Erkidegoa), Mediterraneo Itsasoaren ondoan, Turia ibaiaren bokalean. 758.738 biztanle (1990, valentziarrak). Hizkuntza ofizialak, valentziera (katalaneraren dialektoa) eta gaztelera. Unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Garrantzi handiko portua (El Grao). Nekazaritza gaien (arroza, laranjak, limoiak, barazkiak, mahatsa) salerosketa, industria (janari industria, ontziolak, altzairugintza, automobilgintza, jostailuak, kimika industria, zapatagintza, ehungintza, zurgintza) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Gorde dituen monumentu askoren artean aipagarriak dira, besteak beste, elizak: katedrala (1262-XIV. m.), San Joan Ospitalekoa eliza gotikoa (XIII. m.), San Joan Azokakoa (1368), eta San Eztebe, San Andres, Santo Tomas eta San Martin eliza barrokoak; Santo Domingo komentua; dorreak: Serranos (1396) eta Miquelet (1381-1424) dorre gotikoak, eta Santa Katalina dorre barrokoa (1688-1705); Llotja de la Seda jauregia (XV. m.), Generalitateko jauregia (1421-1518), Dos Aguas-ko markesarena (XVIII. m.); eta museoak, lorategiak, etab.  v  Historia. K.a. 138. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz hiria. Dirudienez, erromatarrek sortu zuten, eta haiek lehen ubideak egin zituzten. Geroago, bisigodoen mendean, apezpikutegiaren egoitza izan zen. 714an musulmanek hartu zuten, eta 1021ean Almeriatik Ebroko estuarioraino hedatzen zen erreinuko hiriburua egin zuten. Musulmanek, bost mendetan zehar, lurraldeko ureztapen azpiegitura hedatu eta antolatu zuten. 1094an Cid Campeador Gaztelako gudariak hartu zuen, baina handik hamar urtera almorabiarrek eskuratu zuten atzera musulmanentzat. 1238an Jaime I.a Aragoikoak hartu zuen baina, Katalunia eta Aragoiko koroaren mendean, lehendik zituen legeak eta legebiltzarra gorde zituen hiriak. Aurrerantzean oso urte oparoak izan zituen, bai ekonomian bai kulturan, baina 1611n moriskoak egotzi zituztenean behera etorri zen. Espainiako Erregetzarako Gerran Austriako artxidukearen alde egin zuen eta, horregatik, Filipe V.ak foruak kendu zizkion. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, biztanleriaren hazkundearekin batera, hasi zen hiriaren hazkuntza ekonomikoa. Espainiako gerra zibilean (1936-1939) gobernu errepublikarraren egoitza izan zen. Gaur egun Espainiako hirugarren hiri handiena da.