Valdés, Juan de
Espainiar humanista (Cuenca, 1490 - Napoli, 1541). Bere anaia bikia Alfonso Valdés-ekin batera Erasmo Rotterdamgoaren ideiak ezagutarazi zituen Espainian eta Italian; harreman estua izan zuen harekin. Alcala de Henares-ko unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1529. urtean Diálogo de doctrina cristiana (Kristau dotrinari buruzko elkar hizketa) obra idatzi zuen Erasmoren dotrinetan oinarriturik; hartan norbanakoen barne izpiritualtasuna aldeztu eta azalekotzat jotzen zituen gurtza egiteko ageriko jokamoldeak. Obra hura Inkisizioaren aurrean salatu zuten eta Valdés Italiara erbesteratu zen. Erroman Klemente VII.aren gortean urte batzuk eman ondoren, Karlos V.aren (Espainiako Karlos I.a) zerbitzuan jardun zuen eta 1534. urtean Napoliko artxibozain izendatu zuten. Napolin intelektual talde bat sortu zuen Julia Gonzagak eta beste zenbait kidek osatua; talde harentzat erlijio testuak itzuli zituen, Alfabeto cristiano (Kristau alfabetoa) eta Ciento y diez consideraciones divinas (Jainkoari buruzko ehun eta hamar gogoeta), besteak beste, argitaratu gabe utzi zituenak. Valdésen beste lan aipagarri batzuk: Diálogo de la lengua (Hizkuntzari buruzkoak), hizkuntza arruntaren erabilera bultzatzeko eta erretorika baztertzeko gomendioa egiten duena, Salterio traducido al hebreo (Salterioa hebreerara itzulia), Comentario a los salmos (Salmuei komentarioa) eta Trataditos.