Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valdemar

Danimarkako lau erregeren izena. v Valdemar I.a Handia. Danimarkako erregea 1157-1182. urteetan (Schleswig, 1131 - Vordingborg, 1182). 1146. urtean Erik Lam hil zenean aginpidea eskuratu nahi zuten gainerako erregegaien aurka borroka egin eta garaitu zituen. Danimarkaren batasuna lortu zuen eta bendoen aurkako espedizioak antolatu zituen. Rügen uhartean bendoak garaitu zituen eta Dannevirke-ko gotorlekuak sendotu zituen. v Valdemar II.a Garailea. Danimarkako erregea 1202-1241. urteetan (?, 1170 - Vordingborg, 1241). Holstein eta Eider eta Elba ibaien arteko lurraldea konkistatu ondoren itsas armada sendoa eratu zuen estoniarren aurka borrokatzeko. 1219. urtean garaitu zituen estoniarrak. 1223. urtean Schweringo kondeak bahitu zuen eta diru kopuru bat ordaindu behar izan zuen askatasuna lortzeko (1225). 1227. urtean Bornhöved-en garaitu zuten eta konkistaturiko lurraldeak itzuli egin behar izan zituen, Rügen eta Estonia izan ezik. v Valdemar III.a Gaztea. Danimarkako erregea 1326-1330. urteetan (?, 1314 - ?, 1364). Nobleen eskaerei amore emateagatik egin zuten errege baina, 1330. urtean, kargutik kendu eta Kristobal II.a hautatu zuten errege. v Valdemar IV.a Atterdag. Danimarkako erregea 1340-1375. urteetan, Kristobal II.aren semea (?,1320 - Schleswig, 1375). Erregetza hartu zuenean barne tirabirak eta anarkia bizi zituen Danimarkak, eta aginpide zorrotza ezarri zuen. 1346an Estonia saldu zien Teutoi ordenako zaldunei. 1361ean Eskania eta Gotlango uhartea hartu zituen eta, horregatik, aurre egin behar izan zion Hansa elkarteko hirien koalizioari (1358-1363 eta 1368-1370). Hauek garaile atera ziren eta, 1370an, Stralsund-eko bake ituna onartzera behartu zuten.