Turgeniev, Ivan Sergeievitx
Errusiako idazlea (Orel, 1818 - Bougival, Paris ondoan, 1883). Aita noblea eta gudarosteko ofiziala eta ama lur jabe familia bateko alaba zituen. Ikasketak Moskun eta San Petersburgon egin zituen; hiri honetan literatura munduan murgildu zen, Puxkin eta Gogol gidari zituela. 1838an Berlina joan zen filosofia ikasketak egiteko; han idealismo alemanaren eragina jaso zuen. 1841ean, Europazale eta liberal deliberatua bilakaturik, Errusiara itzuli zen eta administrazioan lan egin zuen. Garai hartakoak dira Turgenieven lehen obrak: Parasha (1843), narrazio olerkia; Andrei Kolosov (1844), eleberri laburrak; Zuhurgabekeria (1843), antzerkia. 1845ean administrazioa utzi zuen literaturara erabat emana bizitzeko. Pauline Viardot-García kantariaz maitemindurik, 1847tik 1850era Errusiatik kanpo joan zen haren ondotik. 1852an ospea eta ezagutza ekarri zizkion Zapiski ojotnika (Ehiztariaren narrazioak) obra argitaratu zuen; liburu horretan jopuen bizitza gogorraren lekukotasuna eman zuen idazkera errealistaz. 1852an bere etxaldean egotera behartu zuen gobernuak, Gogolen heriotza zela eta egindako artikuluarengatik. Ordu arte antzerki obrak idatzi bazituen –Dirurik gabe (1846), Bizkarroia (1849), Gau bat Sorrente-n (1852)…–, handik aurrera antzerkia alde batera utzi eta poesiaz beteriko eleberri laburrak ondu zituen: Bi lagun (1854), Iakov Pasinkov (1855), Lehen amodioa (1860), etab. Turgeniev, orobat, Errusiako eleberrigile onentsuenen artean kokatu ohi da. Rudin (1856) obran bere garaiko giro intelektuala erretratatu zuen; Dvnoyanskoy genezdo (1859, Kapareen habia), noblezia zaharraren ohiturak deskribatzen zituen; Nakanune (1860, Bezperan) eta Otsy i deti (1862, Aita-semeak). Eleberri bakoitzak eztabaida sutsuak pizten zituen eta, hartaz nazkaturik, atzerrian hartu zuen bizilekua, Baden-Baden-en lehenik (1862-1870) eta Parisen gero (1871-1883), Errusian egonaldi laburrak baizik egiten ez zituela. Azkenaldi honetan bi eleberri –Dym (1867, Kea); Nov’ (1877, Luberriak)–, zenbait eleberri labur eta obra lirikoak ondu zituen. Hil ondoren, Turgenieven antzerki obrarik ezagunena argitaratu zen: Hilabete bat landan. Harremanak izan zituen bere garaiko Europako idazle anitzekin: G. Flaubert, E. Zola, B. Auerbach, H. James, G. Sand… Haren hizkuntza Errusiako literaturako eredu garbienetakotzat hartua izan ohi da, Puxkin-enaren ondoren.
- turdido
- Touré, Amadou Toumani
- Turenneko bizkondea
- Turfan
- Turgai
- Turgeniev, Ivan Sergeievitx
- Turgot, Anne Robert Jacques
- Turgovia
- Turia
- Turin
- Turina, Joaquín