Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Turin

(It. Torino). Italiako ipar-mendebaleko hiria, Piamonte lurraldeko eta Turin probintziako hiriburua, Po eta Doria Riparia ibaien lotunean. 1.003.000 biztanle (1990) ditu hiriak eta 2.275.000 biztanle eta 6.830 probintziak. Herrialdeko industria- eta merkataritzagune garrantzitsua. Kokagune bereziak –Alpeetatik datozen errepide nagusien bilgunea, Po ibaiaren ordokiaren sarrera– eta energia baliabideak eskuratzeko erraztasunak hiriaren garapen bizkorra ekarri dute, gehienbat XX. mendean. Industria nagusiak siderurgia eta, batez ere, transformazio metalurgia dira: automobilgintza (FIAT, Lancia, Italiako ekoizpenaren % 86), aeronautika, tresna elektrikoak, doitasun mekanika, etab. Gainera, bereziki aipatzekoak dira: kimika industria (ehun artifizialak, plastikoak, ongarriak); elektroteknika industria; botikagintza; oihalgintza (artilea, kotoia); elikadura; arte grafikoak. v Artea. Apezpizku barrutia da 415etik; erlijiozko arkitektura ugari dago Turinen. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: San Giovanni Battista katedrala (1492-1498); La Consolata eliza (1679-1714); Superga basilika (1717-1731). Orobat, mende luzez duke eta errege hiria izanik, jauregi anitz aurkitzen dira bertan, besteak beste: Madama jauregia (XIII. mendean eraikitzen hasia, Sardiniako eta Italiako senatuaren egoitza XIX. mendean eta egungo Antzinako Arteetako Museoa); Carignano jauregia (1680); Errege jauregia (1646-1658), etab. Aipagarria da, orobat, Turin-go unibertsitatea, 1404an eraikia da.  v  Historia. Antzinatean taurini-en hiria zen (Taurisia). K.a. 29an Augustok Erromaren mendeko kolonia militar bihurtu zuen (Augusta Tiranorum). XI. mendean enperadoreak Savoiako etxearen esku utzi zuen. 1481ean Savoiako dukeek han ezarri zuten beren egoitza. 1536tik 1562ra frantsesek beren mende izan zuten. Espainiako Ondorengotzako gerran Frantziak setiatu zuen (1706), baina Savoiako Victor Amadeok eta Eugeniok askatzea lortu zuten. Napoleonen gerretan (1798-1814) berriro frantsesen mende erori zen. 1815ean Savoiako etxeari itzuli zitzaion eta harrezkero Italiako batasunaren aldeko higikundeen gunea izan zen. 1861ean Viktor Emmanuel Italiako errege izendatu zuten han eta Italiako estatuko lehen hiriburua izan zen.