Turina, Joaquín
Espainiar musikagilea eta pianista (Sevilla, 1882 - Madril, 1949). Piano eta armonia ikasketak egin zituen Sevillan. 1897. urtean piano-jotzaile gisa aurkezpena egin zuen Sevillan eta berebiziko arrakasta lortu zuen. Geroago, Falla ezagutu zuen Madrilen eta piano ikasketak egin zituen Madrilgo kontserbatorioan J. Tragórekin. 1905an ikasketak osatu zituen Parisko Schola Cantorum-en D’Indyrekin. Urte haietan piano kontzertu ugari eman zituen Espainian eta beste herrialde batzuetan. 1914an piano-jotzaile gisa aritu zen Madrilgo Boskotean. 1926. urtean Musika Sari Nazionala irabazi zuen. 1931n Madrilgo kontserbatorioko konposizio katedradun izendatu zuten. Tratado de composición (1946) argitaratu zuen. Musika molde gehienak landu zituen, espainiar nazionalismoan oinarritua. Lan aipagarriak ditu: operak: Margot (1914), Jardín de Oriente (1923); orkestrarako: La procesión del rocío (1912), Danzas fantásticas (1920); Sinfonía Sevillana (1920); kamerako musika: harizko tresnetarako kuartetoa (1911); La oración del torero (1925), Círculo (1942); pianorako: Sonata romántica (1909), 3 danzas andaluzas (1912), Mujeres españolas (1917), Jardines de Andalucía (1924), El castillo de Almodóvar (1931), eta Siluetas (1932); gitarrarako: Homenaje a Tárrega (1923), Sevillana (1923), eta Fandanguillo (1926).