Touré, Amadou Toumani
Malitar politikaria (Mopti, 1948). Historia eta geografiako ikasketak egin zituen, Badaduguko Goi Eskolan. Ikasketak amaitu zituen urtean bertan, 1960an, Kati-ko Militar Eskolan sartu zen. 1972an tenienteorde maila lortu zuen. Urtebete parakaidista irakasle aritu ondoren, ikasketa bereziak egin zituen, Riazango Aire Armadako Goi Eskolan (Sobietar Batasunean), eta Paueko base militarrean, Frantzian. 1978an, Malira itzuli zenean, kapitain izendatu zuten; bi urte geroago Goardia Errepublikarreko komandante, eta hurrengo urtean Parakaidisten Batailoiko komandate izendatu zuten. 1984an Parakaidisten Batailoiko buruzagi nagusi kargua eskuratu zuen eta bi urte geroago koronel egin zuten. 1990eko hasieran Parisa joan zen, Gerrako Goi Eskolan ikasketak sakontzera. 1991n, Malin ostera, Goardia Errepublikarreko komandante eta Parakaidisten buruzagi nagusi karguak hartu zituen berriro. Garai hartan demokraziaren aldeko manifestazio jendetsauak egin ziren Malin. Gudarosteak gogor zapaldu zituen manifestazioak, eta berrehundik gora pertsona hil zituen. 1991n Amadou Tumani Tourék Maliko lehendakaritza hartu zuen indarrez, eta Herriaren Salbamenerako Behin-Behineko Batzordearen buru jarri zen, herrialdera demokrazia ekartzeko prozesua abian jartzeko. 2002az gero Maliko presidentea da.