Turgot, Anne Robert Jacques
(L’Aulneko baroia). Frantses politikaria eta ekonomialaria (Paris, 1727 - Paris, 1781). Apaiz ikasketak egin zituen. Harremanak izan zituen garai hartako filosofoekin. Lettres sur la tolérance (1754, Tolerantziari buruzko gutunak) idatzi zuen eta Entziklopedian parte hartu zuen. Ekonomiako liburu bat ere idatzi zuen, Réflexions sur la formation et la distribution des richesses (1776, Aberastasunen eratze eta banaketari buruzko gogoeta). 1761etik 1771ra Limogesko intendentea izan zen. 1774an finantzen arduradun nagusi izendatu zuten eta berrikuntza handiak egin zituen ekonomian: industria eta merkataritza askatasuna eta salgai batzuen (aleak, olioa, azienda, ardoa) zirkulazio askatasuna ezarri zuen, zergak bateratu zituen, gremioak deuseztatu zituen enpresa askatasuna lortzeko, eta erregeari norberak egin beharreko zerbitzua dirutan ordaindu beharreko zerga bihurtu zuen. Berrikuntza horiek nobleen eta elizaren haserrea piztu zuten eta 1776an erregeak kargutik kendu zuen. Vincent de Gournay-ren eta fisiokraten eragina izan zuen, nahiz eta gero uko egin zien fisiokraten ideiei. Askatasuna eskatu zuen barneko eta kanpoko merkataritzarako eta estatuaren esku-hartzea ukatu zuen.
- Touré, Amadou Toumani
- Turenneko bizkondea
- Turfan
- Turgai
- Turgeniev, Ivan Sergeievitx
- Turgot, Anne Robert Jacques
- Turgovia
- Turia
- Turin
- Turina, Joaquín
- Turing, Alan Mathison