Turgovia
(Al. Thurgau) Suitzako ipar-ekialdeko kantoia, Konstantza aintziraren ertzean. 1.013 km2 eta 202.000 biztanle. Hiriburua: Frauenfeld. Hiri nagusiak: Arbon, Kreuzlingen, Romanshorn. Biztanle gehienak alemanez mintzatzen dira eta protestanteak dira (bi heren). Thur ibaia igarotzen da. Nekazaritza (laboreak, fruitu arbolak) eta industria (ehungintza, zapatagintza, janari industria, automobilgintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Erromatarren Rhetia herrialdearen barnean egon zen 450. urtea arte; urte horretan alemaniarren esku geratu zen. Harrezkero, frankoen, Kyburg-eko kondeen (1094-1264) eta Habsburgo etxearen (1264-1460) mende egon zen. 1460. urtean Suitzako konfederatuek konkistatu zuten, eta barruti gisako administrazioa izan zuten 1789. urtea arte. Urte horretan kantoi libre bihurtu zen, eta 1803. urtean Konfederakuntzako kide bilakatu zen.