Torricelli, Evangelista
Italiar matematikari eta fisikaria (Faenza, Romagna 1608 - Florentzia, 1647). Benedetto Castelli-ren ikasle izan zen Erroman, eta ondoren, Galileoren ordeko gisa fisika eta matematika irakatsi zuen Florentzian. Airea pisua zela eta pertsonen eta gauzen gain presioa egiten zuela aldeztu zuen; egurats presio hori neurtzeko bere izeneko esperientzia egin zuen, eta honen ondorioz merkuriozko barometroa asmatu zuen 1643. urtean, Torricelliren barometroa izenez ezagutzen dena. Bere izeneko teorema proposatu zuen eta tresna optiko ugari eta termometro bat egin zituen. Isurkarien isurketari buruzko legea ere proposatu zuen. v Torricelliren esperientzia. Ertz batean itxita zegoen metro bateko luzera inguruko beirazko hodi bat merkurioz erabat bete zuen, eta merkurioa zuen kupeltxo batean sartu zuen. Merkurioak hodian eta kupeltxoan zuen maila desberdintasuna neurtuz eguratsaren presioa neurtu zuen. Egurats presioa handitzean maila desberdintasun hori handiagoa egiten zen eta gutxitzean txikiagotu. Itsasoaren mailan egurats presioaren batez besteko balioa, merkuriozko 76 cm-tako zutabe batena zela frogatu zuen. v Torricelliren teorema. Isurkari bat duen ontzi ireki baten alboan, eta isurkariaren gainazala baino beherago, zulo bat egiten bada, isurkariaren isurketa lastertasuna, edozein solidok isurkariaren gainazaletik zuloraino erortzean lortuko zukeen lastertasunaren berdina da. Matematikoki v = √—2gh
formularen bidez adierazten da; g, grabitatearen azelerazioa da, eta h, gainazaletik zulora dagoen altura.