Torrijos, Omar
Panamako militarra eta politikaria (Santiago de Veragua, 1929 - Penonome-tik hurbil, 1981). Ikasketa militarrak egin ondoren Panamako goardia nazionaleko kide izan zen, eta 1966. urtean teniente koronel izendatu zuten. 1968. urtean Arnulfo Arias aginpidetik baztertu zuen estatu kolpean parte hartu zuen, eta denbora laburraren buruan batzorde militar berriko buruzagi bihurtu zen. Konstituzioa indargabetu, alderdiak legez kanpo utzi eta gogortasun handiz aurre egin zien ikasle eta enpresarien presioei. 1972. urtean biltzar konstituziogilea osatzeko deialdia egin zuen, eta biltzarrak gobernuburu eta Panamako iraultzako buruzagi gorena izendatu zuen Torrijos. Panamako ubidealdearen gaineko jabetza berreskuratzeko negoziazioak bultzatu zituen Torrijosek bere agintaldiaren hasieratik eta 1973. urtean Nazio Batuen Segurtasun Batzordearen aldeko erantzuna jaso zuen, Estatu Batuek kontrako botoa eman bazuten ere. 1977. urtean Estatu Batuetako lehendakari Jimmy Carter-ekin negoziazio prozesu luzea eraman zuen aurrera; horren arabera 2000. urterako panamatarren mende egongo da ubidea. 1978. urtean uko egin zion lehendakaritza hauteskundeetara aurkezteari eta 1981. urtean hil zen hegazkin istripu batean.