Torres Tur, Elías
Katalan arkitektoa (Eivissa, 1944). Bartzelonan egin zituen ikasketak. 1968an eskolak ematen hasi zen ikasketak egin zituen lekuan bertan, Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan, 1978. urtea arte. 1973-1977 bitartean Eivissako elizbarrutiko arkitekto kargua izan zuen. 1979tik aurrera paisaiaren arkitektura eta marrazki eskolak ematen hasi zen Bartzelonako Unibertsitatean. Bestalde, UCLA Unibertsitatetik (Los Angeles, Kalifornia, 1977, 1981 eta 1984. urteetan) eta Harvardeko Unibertsitatetik (Massachusetts, 1987-1988) deitu izan zuten ikastaroak emateko. 1980an Eivissa eta Formenterako Arkitektura Gida idatzi eta argitaratu zuen. 1969tik aurrera José Antonio Martínez Lapeña arkitektoarekin batera lan egin zuen eta bien arteko elkarlanak oso emaitza onak eman zituen. Aipagarriak dira, beste obra askoren artean, Mora d'Ebreko Erietxea eta Bartzelonako Olinpiar Hiriko etxebizitzak. Liburu asko idatzi ditu, nazioarteko arkitektura sari askotako epaimahaiko izan da, eta hitzaldiak eman eta erakusketa askotan parte hartu du Europan, Estatu Batuetan eta Japonian. Torres eta Lapeñaren obran nabarmena da Espainiako Mediterraneo aldeko arkitekturaren eragina. Pintura, eskultura eta izadia dituzte inspirazio iturri nagusiak. Bere obran bi motatako lanak bereiz daitezke: lan batzuk pertsonalak eta adierazkorrak dira (adibidez, L'Hospitaleteko elizaren berrikuntza, Eivissan, eta itsasertzeko pasealekua eta gotorlekuak, Palman), eta beste batzuk, berriz, arrazionalagoak eta kontrolatuagoak, prozesu normatibo eta geometrikoen bidez eraikiak, adibidez Canovellesko etxebizitzak (1977-1983); Gandesako Lehen Laguntzarako Zentroa (1983-1986); Mora de Ebroko Erietxea (1982-1988), eta Malagako ikasle egoitza.