Torres Naharro, Bartolomé de
Espainiar idazlea (La Torre de Miguel Sesmero, Badajoz, 1484? - Sevilla?, 1525). Humanitateak ikasi bide zituen Salamancako unibertsitatean, gudarostean sartu baino lehen. Berberiar itsas-lapurrek atxilotu zuten eta 1513. urte inguruan Erromara iritsi zen. Bernardino de Carvajal kardinalaren zerbitzuan jarri zen eta Juan del Encina dramagile eta poeta ezagutu zuen. Erroman izan zen artean sei komedia idatzi zituen, seiak 1517. urtean, Propalladia izenburupean, Napolin argitaratuak. 1520. urtean, Sevillan, Propalladia-ko behin betiko argitalpena argitaratu zen, komedia berri bat jasotzen zuena. 1559. urtean Inkisizioak debekatu egin zuen Propalladia, Erasmo Rotterdamgoa humanistaren pentsamoldean oinarrituta zegoelakoan.