Torres del Río
Nafarroako udalerria (Lizarrako merindadea). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Sansol; mendebalean, Armañanzas; hegoaldean, Elizagorria eta Bargota. Garaiera, 477 m. 12,60 km2. 1999ko datuen arabera, 185 biztanle (torrestarrak). Linares ibaiak zeharkatzen du udalerria iparraldetik hegoaldera. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantza (garia, zainzuriak, patata, landare lekadunak, mahatsa, olibondoak; langileen % 35) eta industria (zurgintza, ardogintza; langileen % 38) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVI. mende bukaerako San Andres parrokia gotiko-Errenazimentukoa, XII. mendeko Hilobi Santuaren eliza erromanikoa eta etxe barroko harmarridunak. v Historia. Corninium hiri erromatar zaharreko barrutiaren mendeko herria zen Torres del Rio. XII. mendean eraiki zen Hilobi Santuaren eliza Donejakue bidea zaintzeko. 1341. urtean berezko foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zuen. Ia hiru mendez egon zen Gaztelaren mende agramondar eta beamontarren arteko gerra zela eta, Fernando VII.ak Nafarroako erreinuari itzuli zion arte. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.