Torrente Ballester, Gonzalo
Espainiar eleberrigilea (Ferrol, Coruña, 1910 - Salamanca, 1999). Konpostelako Santiagoko eta Madrilgo unibertsitateetan filosofia eta zuzenbide ikasketak egin ondoren, literatura irakatsi zuen Madrilgo eta Salamancako institutuetan eta Albany-ko unibertsitatean (New York). Gazte zela El viaje del joven Tobías (1938, Tobias gaztearen bidaia) antzerkia eta Javier Mariño (1943) eleberria idatzi zituen. Bere garaiko literaturgintzari buruz Teatro español contemporáneo (1957, Espainiako gaurko antzerkia) eta Panorama de la literatura española contemporánea (1961, Espainiako gaurko literaturaren egoera) saiakera kritikoak idatzi zituen. Ondorengo eleberrietan estilo molde berriak landu zituen: Los gozos y las sombras (1959-1962, hiru liburuki; Pozak eta itzalak), Don Juan (1963) eta La saga/fuga de J. B. (1972, J. B.-ren famalia/ihesa). 1979. urtean Espainiako Sari Nazionala jaso zuen Fragmentos de apocalipsis (1979, Apokalipsiaren atalak) obrari esker eta ondoko urteetan argitaratu zituen La isla de los jacintos cortados (1980, Jazinto moztuen uhartea), Memorias de un vate vago (1982, Poeta alfer baten memoriak), Quizá nos lleve el viento al infinito (1984, Agian haizeak eramango gaitu infinitora), Filomeno a mi pesar (1988, Filomeno nire gogoz kontra) eta Las islas extraordinarias (1991, Uharte zoragarriak) literatura lanak. 1985. urtean Cervantes literatura saria eskuratu zuen.