Timur dinastia
Timur Lang (Tamerlan) konkistatzaileen ondorengoek osaturiko dinastia, beren mende (K.o. XV-XVI. m) Iranen eta Erdialdeko Asian garatu zuen arte eta kultura berpizkundeaz ezaguna dena. Shah Rokh-en erreinaldiak (1405-1447) dinastiaren gorena markatu zuen: Timur Lang-en inperioaren lurralde asko beretu zuen berriro, ekonomia indarberritu zen eta Timur Langen kanpainetan eragindako kalteetarik anitz konpondu ziren. Herat hiriburuan merkatariak eta artistak bildu zituen; liburutegi bat eraiki zuen eta hiriburua Pertsiako kultura berritu distiratsuaren hedagune izan zen. Haren ondoren ordea, aginpidea eskuratu nahi zutenen arteko borrokak hogei urtez luzatu ziren (1449-1469) eta dinastiaren gainbehera ekarri zuten. Dinastiak Samarkandan 1499 arte iraun zuen, Iranen 1517 arte eta Afganistanen (Khorasan) 1506 arte. Samarkandatik egotzia zen timurtar batek, Babur-ek, (1483-1530) India konkistatu zuen eta Mongol Handiaren inperioa sortu zuen.