Thoreau, Henry David
Estatu Batuetako saiakeragilea eta poeta (Concord, Massachusetts, 1817 - Concord, 1862). Merkatari baten semea zen eta Harvardeko unibertsitatean egin zituen literatura eta natura zientzietako ikasketak. 1837. urtean bere jaioterrira itzuli zen; garai hartan harreman estuak izan zituen Ralph Waldo Emerson pentsalariarekin. Hark The Dial egunkarian idaztera bultzatu zuen Thoreau, baina 1844. urtean egunkaria itxi zen. 1845. urtean Concord-etik hurbil zegoen baso bateko etxola batean jarri zen bizitzen eta A Week on the Concord and Merrimack Rivers (1849, Astebete Concord eta Merrimack ibaietan) eta Walden or Life in the Woods (1855, Walden edo basoetako bizitza) idatzi zituen, indibidualismoaren aldekoak. 1847an Concord-era itzuli zen eta familiaren negozioaz arduratu zen. Esklabotasunaren aurka eta, zenbait kasutan, gizartearen aurreko eginbeharren aurka ere agertu zen, haren aburuz, arrazoizkoa zena baizik ez baitzen bete behar.