Swinburne, Algernon Charles
Ingeles poeta eta kritikaria (Londres, 1837 - Putney, Londres, 1909). Eton-en eta Oxford-eko Balliol College-n egin zituen ikasketak. Italian zehar ibili ondoren, D.G. Rossetti, G. Meredith eta W.S. Landor ezagutu zituen Londresen, ingeles dekadentismoaren bultzatzaile nagusiak, eta haien lagun egin zen. Ch. Baudelaireren miresle izan zen, eta haren bideari jarraituz, arauen eta gizartearen kontra jarri zen, eta artea arteagatik defenditzeari ekin zion. Garai hartako lanek kritika zorrotzak ekarri zizkioten, baina eragin handia izan zuten belaunaldi gazteengan. 1867. urtean Swinburnek Mazzini ezagutu zuen, eta Italiaren askatasunaren alde idatzi zuen. Ondoren, politika gaia zuten beste lan batzuk ere idatzi zituen. Lan haiekin poeta “madarikatuaren” ospea bereganatu zuen. 1879. urte inguruan, alkoholismoan guztiz murgilduta zegoela, Theodore Watts-Dunton lagunak Putneyn zuen etxera eraman zuen. Han bizi izan zen hogeita hamar urtez, Watts-Dunton-en zaintzapean, eta hari esker idatzi zituen Swinburnek lan nagusiak. Aipagarriak dira: poesia lanak: Atalanta in Calydon (1865, Atalanta Calydonen); Poems and Ballads (1866, 1878, 1889, Poemak eta baladak); Songs of the Springtides (1880, Marearen kantuak); Tristam of Lyonesse (1882, Lyonesseko Tristan); antzerki lanak: Chastelard (1865); Bothwell (1874); Mary Stuart (1881); idatzi kritikoak: Essays and Studies (1875, Saiakerak eta azterketak); Shakespeare (1880); Victor Hugo (1886) eta Ben Jonson (1889) monografiak; politika lanak: Ode to Mazzini (1856-1857, Mazziniri oda); A Song of Italy (1867, Italiako kantua); Songs Before Sunrise (1871, Ilunabar aurreko kantuak).
- Swazilandia
- swazilandiar
- Swedenborg, Emmanuel
- Swierzy, Waldemar
- Swift, Jonathan
- Swinburne, Algernon Charles
- swing
- Syberberg, Hans-Jurgen
- Sydney
- Sydow, Max von
- Syktyvkar