Syberberg, Hans-Jurgen
Alemaniar zinema zuzendaria (Nossendorf, 1935). Pomeraniako herri batean bizi izan zen 1957 arte, Rostockera joan zen arte. Rostocken (Alemaniako Errepublika Demokratikoa orduan) sobietar film eta UFA alemaniar ekoiztetxearen film luze zahar ugari ikusteko aukera izan zuen. Bertolt Brechtek sortu zuen Berliner Ensemble antzoki konpainia ospetsuaren kideetako bat ezagutu ondoren, erakunde horrek Mendebaldeko Berlinera gonbidatu zuen. Han hamazazpi urte geroago Nach meinem letzten umzug izango zenaren lehen zirriborroak grabatu zituen. 1963an lanpostu bat lortu zuen Bavariako telebistan, eta hiru urtean ehun eta laurogei dokumental eta iragarki egin zituen. Bien bitartean doktore tesia egin zuen, Friedrich Dürrenmatten absurduari buruzkoa. Zineman, Fritz Kortner antzezlearen saio batzuen filmaketarekin egin zuen debuta, eta Ludwig, errege birjin baten requiema filmak eman zion ospea. Bere obran Alemaniako duela gutxiko historia aztertu du batez ere, eta oso eztabaidatua izan da, erkideak hipokritatzat eta egozentrikotzat agertzen dituelako, Hitler, Alemaniako film bat izeneko filmean, adibidez. Richar Wagnerren Parsifal operaren zinemarako bertsioaren ondoren, apenas egin duen beste filmik. Azkeneko lanen artean aipagarriak ditu Edith Clever antzezlearen bakarrizketekin egin dituen filmak, hala nola Die nacht, sei bat orduko film luzea, non aztertzen baititu neonazismoaren berragertzea eta munduko kulturaren amerikanizazioak dakartzan arriskuak, besteak beste. Beste zenbait film aipagarri: Sex-Businees Made in Passing (1969); Nach meinem letzten umzug (1970); Karl May (1974); Winifred Wagner (1975); Pentesilea (1987).