Svevo, Italo
(Jaiotza izenaz Ettore Schmitz). Italiako idazlea (Trieste, 1861 - Motta di Livenza, 1928). Bavarian egin zituen ikasketak, eta alemana ikasi zuen. Banku batean hasi zen lanean eta bere lehen eleberriak, Una Vita (1892, Bizitza bat), badu giro horren arrastorik. L’Indipendiente egunkarian kritikak eta artikuluak idatzi zituen. 1898an argitaratu zuen bigarren eleberria, Senilità (Zaharreria). Bi eleberri hauen arrakastarik ezagatik etsita literatura utzi zuen aldi batez. Bitartean bankua utzi eta enpresa handi batean hasi zen lanean zuzendari gisa eta Europa osoan zehar ibili zen bidaian, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian bizi izan zela. 1896an Diario per la fidanzata (Andregaiarentzako egunkaria) idatzi zuen, burgesia gogor kritikatzen zuena. 1904an Joyce ezagutu zuen eta haren eragina eta bultzada izan zuen. 1923an La coscienza di Zeno (Zenoren kontzientzia) maisu lana idatzi zuen, hasieran Joycek famatu eta gero kritikari askok goraipatu zuten eleberria, psikoanalisiaren teoria literaturara aldatzen zuena. 1927an Vino generoso, eleberri laburra, eta 1928an Una burla riuscita, ipuin bilduma, argitaratu zituen. Auto istripu batean hil zen. Hil ondoren argitaratutako liburuak: La Novella del buon vecchio e della bella fanciulla (1930, Agure onaren eta neskatxa ederraren ipuina), Corto viaggio sentimentale e altri racconti inediti (1949, Bidaia labur sentimentala eta argitara gabeko beste kontakizun batzuk), Saggi e Pagine Sparse (1954, Saiakerak eta orrialde solteak), Commedie (1960, Komediak). Svevo kultura handikoa zen; idazle errealisten, italiar, frantses eta aleman klasikoen, Schopenhauer-en eta batez ere Freuden eragina izan zuen eta bizi izan zen artean arrakastarik izan ez bazuen ere, haren ekarria garrantzi handikoa izan da XX. mendeko literaturan.