Svalbard
Ozeano Artikoko uhartedia, Norvegiatik 640 km-ra. 23.958 km2 eta 3.500 biztanle. Eremuaren % 60tik gora glaziarrek eta lur izoztuek osatzen dute; fiordo ugari dira. Uharte nagusiak Spitzberg, Jan Mayen, Edge, Barents eta Ipar-ekialdeko lurraldea dira. Meagintza (ikatza), eta bale eta foka arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak. Historian zehar herri askotako bale arrantzale eta esploratzaileak ibili dira Svalbard-en; Norvegia, Danimarka, Suedia eta Errusiak uhartediaren gaineko eskubideak eskatu zituzten. 1920ean sinatutako itunaren arabera uhartedia Norvegiaren esku uztea eta meategien gaineko eskubideak ituna izenpetu zuten berrogei herrien artean banatzea erabaki zen. Gaur egun Norvegiak eta Errusiak soilik ustiatzen dituzte hango meategiak.