Stroessner, Alfredo
Paraguaiko militarra eta diktadorea (Encarnacion, 1912). Eskola militarrean ikasi ondoren, Chacoko gerran parte hartu zuen (1932-1935). Morinigo jeneralaren diktadura aldian (1940-1948) indar aurrerazaleen zapalkuntzan nabarmendu zen. 1951n gudarosteko buruzagi nagusi izendatu zuten eta 1954an estatu kolpea jo zuen. Bere burua lehenkadari eta Partido Colorado deitu alderdiko buru izendaturik, konstituzioko berme guztiak kendu zituen eta lurjabe handiak alde zituelarik Hego Amerikako diktadura luzeenaren oinarriak jarri zituen. Alderdi politikoak debekatu zituen; 1958-1959ko grebak deuseztatu zituen eta 1960-1965eko gerrilla suntsitu zuen. Sei aldiz lehendakari hautatua izan zen, hartarako konstituzioa aldatu behar izan bazuen ere, gehienez bi alditan hautatua izateko aukera ematen baitzuen. 1989an beste kolpe militar batek kendu zuen aginpidetik eta Brasilera erbesteratu behar izan zuen.