Strindberg, August
Suediar idazlea (Stockholm, 1849 - Stockholm, 1912). Suediako antzerkigile goren horren obrak –autobiografikoa hein handi batean– bizitza konplikatu eta grinatsu bat erakusten du. 1867an Uppsala-ko unibertsitatean filologia eta medikuntza ikasten hasi zen eta aldi berean behin-behineko zenbait lanbidetan jardun zuen. Tjänstekvinnans son (1886, Neskamearen semea) izenburuko obran bere haurtzaroa, gaztaroa eta bilakabide intelektuala deskribatu zituen. v Guztira, 70 drama inguru, dozenatik gora eleberri eta saiakera, narrazio labur zein poema anitz idatzi zituen. Lehen aldian naturalismoaren bidetik idatzi zuen, betiere bere subjetibismoa nabarmentzen zuela: Röda rummet (1879, Gela gorria) eleberria; Giftas I-II (1884, Ezkonduak I-II) narrazio laburrak eta, batez ere, antzerki obrak: Fadren (1882, Aita); Fröken Julie (1888, Julia andereñoa); Fordringsägare (1888, Hartzekodunak). Bestalde, Mäster Olof (1872, Olof Maisua) antzerkiarekin hasitako genero historikoa berriro ukitu zuen beste zenbait obratan, hala nola Gustav Vasa, Eric (biak 1899koak); Dödsdansen (1900, Herioaren dantza). Bigarren aldian mistizismoaz eta okultismoaz kezkaturik idatzi zuen: Ett drömspel (1901, Loa). Azkeneko aldian Teatro Intimoa izenekoa sorturik, kamera teatroa landu zuen: Ovader (Ekaitza), Pelikanen (Pelikanoa) Spöksonaten (Espektroen dantza), 1907koak denak. Strindberg-en antzerkiak pentsamolde ezberdinen eragina du: Kierkegaard, Nietzsche, sozialismo erromantikoa, ateismoa lehenbizi, mistizismoa gero. Alabaina, edozer gai ukitzen duela, autorearen ni propioaren alderdia nagusi agertzen da beti. Jokaeraren aztertzailea da; subkontzientearen arazoei begira dago beti, gizakien arteko inkomunikazioaren testigantza emanez. Strindbergen obra dramaturgia modernoaren iturrietako bat da.