Streisand, Barbra
Estatubatuar antzezle eta abeslaria (Brooklyn, New York, 1942). Abesti lehiaketa batean irabazle atera ondoren, abesteko eta telebistan lan egiteko hartu zuten. 1961ean antzerki lan batean agertu ondoren, Blue Angel Clubek kontratatu zuen, eta handik Broadwayko antzeztokietara iritsi zen, 1962an. Antzokiak ateak itxi zituenean, gau klubetako, telebistako eta Broadwayko ekoizleen eskaintzak jaso zituen. 1968an Funny girl (Neskatila xelebrea) musikalaren zinemarako bertsioaren protagonista papera egin zuen, William Wylerren zuzendaritzapean, eta antzezle onenaren Oscar saria jaso zuen. Beste zenbait lan aipagarri: Hello, Dolly! (1969, Gene Kelly); Zatoz nire ondora (1970, Vincent Minnelli); Ginen bezalaxekoak (1973, Sidney Pollack); Izar bat sortu da (1976, Frank Pierson); Iraupen borroka (1979, Howard Zieff); Yentl (1983, bera zela antzezle, zuzendari eta ekoizle); Zoroa (1987, Martin Ritt); Itsasaldien printzea (1991, bera zela antzezle, zuzendari eta ekoizle). Bere lehen diskotik (Barbara Streisand: The first Album) milioitik gora ale saldu ziren. 1987an Grammy sari bat jaso zuen, emakumezko ahots onenarena, The Broadway Album (1986) diskoarengatik. 1992an Sony Corporation disko etxearekin diskoak grabatzeko eta filmak egiteko kontratua izenpetu zuen.