Stephenson, George
Ingeniari ingelesa (Wylam, 1781 - Tapton-Hause, Chesterfield, 1848). Lehenengo lurrun lokomotiba egin zuen 1814an. Meagintzan erabiltzen ziren lokomotibak hobetzeko “lurrun zurrusta” erabili zuen, eta tximiniak hobetzea eta makinen lastertasuna areagotzea lortu zuen. Handik aurrera lokomotibak egin zituen, meagintzarako batez ere. Meatzarien segurtasun argiak ere berak asmatu zituen. 1821ean Stockton eta Darlingtonen artean burdinbidea eraikitzeko eginkizuna eman zioten. Darlingtonen egin zuen lurrun lokomotiba. Hark egindako trenak 450 bidaiari garraiatu zituen, 24 km orduko lastertasunean. Hura ikusita Liverpool eta Manchester-en artean (64 km) burdinbide bat egiteko eskatu zioten. 1829an lasterketa bat egin zen bi lokomotiben artean eta Stephensonenak (The Rocket) irabazi zuen, 58 km orduko eginda. Beste zortzi lokomotiba egin zituen Liverpool-Manchester burdinbiderako. Handik aurrera burdinbideen eraikuntza berehala zabaldu zen Britainian, Europako herrialdeetan eta Ipar Afrikan. Stephensonek burdinbide gehiago eraiki zituen eta haientzako zubiak ere egin zituen. Bere seme Robert Stephensonekin egin zituen lan horietako asko.