Staël, Nicolas de
Errusiar jatorriko margolari frantsesa (San Petersburgo, 1914 - Antibes, 1955). Aristokraziako semea zenez, 1917ko Iraultzaren ondoren, Berlinera emigratu behar izan zuen familia osoak. Gero, Bruselan bizi izan zen aldi batez eta han umezurtz geratu zen. Bruselatik Parisera joan zen. 1932an, dekorazio pinturak egin zituen Parisen; 1945ean, lehenengo erakusketa egin zuen Parisen eta 1950ean New Yorken. 1954an Antibes-era joan zen bizitzera eta han bere buruaz beste egin zuen. Bere koadroetan kolore biziak erabili zituen batez ere; gorriuneak eta urdinuneak oso gustukoak zituen, esaterako. Staëlen pinturak, ukitu berezia izanagatik, errealitatearekin lotura du betiere, eta askotan arte figuratibora hurbiltzen da; baina guztien gainetik, sen berezia zuen espazioa eta argia irudikatzeko. Bere obra aipagarri batzuk: Sydney Bechet-en oroitzapena, Futbolari handiak, Kaioak eta Bodegoiak.