Staël, Madame de. ;(Anne-Louise-Germaine
Necker). Frantses idazlea (Paris, 1766 - Paris, 1817). Garrantzi handia izan zuen Frantziako erromantizismoaren eta literatura sentiberatasun berriaren garapenean. J. Necker, Luis XVI.aren finantza ministroaren alaba zen eta bere amak antolatzen zituen bilkuretan (salon) filosofiarako zaletasuna piztu zitzaion. Hala, lehen idazlana J. J. Rousseau-ren obraren goraipamena izan zen. Iraultzaren aldeko jarrera harturik, bere salon propioan Napoleonez kexu ziren guztiak onartzen zituen. 1803an erbesteratu behar izan zuen. 1814 artean, bere Coppet-eko (Suitza) egoitzatik bidaia anitz egin zituen Europan zehar, eta, besteak beste, W. Schlegel, Goethe eta Schiller ezagutu zituen. De la littérature considérée dans ses rapports avec les institutions sociales (1800, Literatura erakunde sozialekiko harremanen ikuspuntutik) obran bihotzaren eta irudimenaren garrantziaz ziharduen eta literatura modu berria eskatzen zuen garai berrietarako. Hurrengo obra, De l’Allemagne (1808-1810, Alemaniaz), manifestu erromantiko bat zen. Sentiberatasuna eta idealismoa, bizi izandako gertaerak eta gizarteak eragindako emakumeen egoera apala izan ziren arrakasta handiko eleberrien gaiak: Delphine (1802) eta Corinne ou l’Italie (1807, Korina edo Italia). Idazle oparoa izan zen eta hil ondoren Dix anées d’exil (1821, Hamar urte erbestean) oroitzapen liburua argitaratu zen.
- Srinagar
- Srong-Brtsan-Sgam-Po
- SS
- staccato
- Stack, Robert
- Staël, Madame de. ;(Anne-Louise-Germaine
- Staël, Nicolas de
- Staffordshire
- Stahl, Georg
- Stalin, Josif. ;(Iosiv
- Stalingrado