Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stalingrado

1925etik 1961era Volgogrado hiriak izan zuen izena. ik. Volgogrado.  v  Stalingradoko gudua. Bigarren Mundu Gerrako gudu garrantzitsuenetako bat izan zen, Europako Ekialdeko gerraren norabidea erabaki zuena. 1942ko udan Kaukasoraino iritsiak ziren alemaniarrek abuztuaren 25ean hiriari eraso zioten bonbardaketa gogorrez. Irailean erdialdean Von Paulus-en agindupeko gudaroste alemaniarrek 500.000 biztanle zituen hiria alderik alde inguratua zuten; setiatuek, artileriaren eta hegazkineriaren erasoak gorabehera, 66 egun luzez eutsi zieten alemaniarrei. 1942ko urriaren amaieran, erasotzaileek kalez kale eta etxez etxe borrokatu ondoren hiriaren parte gehiena beren mende hartua zuten; sobietarrek, alabaina, Volgaz bestaldera iristea galarazi zieten. Azaroaren 19an, Zhukov-ek prestaturiko kontraerasoaren ondorioz, Von Paulus-en dibisioak setiaturik gelditu ziren. Hurrengo hilabetean 120.000 gizon berri harturik, Von Paulus-ek abenduaren 12-31ko kontraerasoari ekin zion; porrota erabatekoa izan zen eta 100.000tik gora soldadu galdu zituen. 1943ko urtarrilean, sobietarrek auzoz-auzo berreskuratu zuen erabat suntsitua zen hiria (36.000 etxebizitza artileriak eta hegazkinak birrinduak). 1943ko otsailaren 2an Von Paulus-ek kapitulazioa izenpetu zuen. Ardatzeko gudarosteek 300.000 gizon galdu zituzten Stalingradon, eta 27 jeneral eta 91.000 soldadu sobietarren esku geratu ziren; hura zen 1939tik lehen aldia Wermachteko gudaroste oso bat errenditu beharrean aurkitu zena. Beraz, Armada Gorriak Kaukasoko petrolioaren eta Ukrainako gariaren bidea moztu zien alemaniarrei; handik aurrera, alemaniarrek etengabe mendebalera atzeratu behar izan zuten SESBetik erabat atera arte.