Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

stalinismo

iz. Stalinen eta bere jarraitzaileen joera eta dotrina politikoa, leninismoan oinarritzen dena, baina haren desbideratzea dena.  v  Stalinismoaren oinarri nagusiak hauek dira: herri bakarreko sozialismoaren teoria, ekonomia plangintza zentralizatua, industrializazioari lehentasuna ematen diona, eta alderdi bakarreko estatu burokratikoa. Herri bakarreko sozialismoaren teoriaren arabera, Sobietar Batasuna da munduko sozialismoaren ardatza eta hortik zabaldu behar du komunismoak beste herrialdeetara; beraz, munduko alderdi komunistak Moskuko politika jarraitzera behartuak daude. Stalinismoak, bestalde, ekonomia plangintza zentralizatua ezartzen du; industrializazioari ematen dio lehentasuna eta nekazaritza kolektibizatzearen aldekoa da. Stalinismoarentzat aginpideak alderdi bakar baten esku egon behar du; hala, estatuko aparatuen eta alderdi komunistaren betekizunak ildo beretik doazela, uztarturik gelditzen dira biak. Aginte guztia alderdi eta pertsona bakarraren esku geratzean, ordea, burokrazia neurriz gain handitzen da eta ustelkeriari eta diktadurari bidea ematen zaie.