Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

SS

(Al. Schutzstaffel-en laburpena, “babes saila”). Alemaniako Nazi elkartearen eliteko guardia, Adolf Hitler-ek bere defentsarako 1925. urtean sortua. SS guardia nazien arrakastarekin batera haziz joan zen, eta han batu ziren polizia eta talde militarrak. 1929. urtean hasi eta 1945ean gudarostea desegin zen artean, Heinrich Himmler izan zen SS-en buru. Hasieran 300 gizon baino ez zituen, baina 1933. urtean, naziek aginpidea hartu zuten garaian, 50.000 bat gizonez osatua zen. Himler, Hitler-en antzera, arrazista fanatikoa zen, eta haren ustez arraza garbikoak eta gorpuzkera sendoa zutenak besterik ez zituen hautatzen. 1934 eta 1936. urte aldera taldearen indarrak gorantz egin zuen, urte horietan zabaldu baitziren, erakundearen ekintzak eta erantzunkizuna. Garai haietako SS taldea bitan banatzen zen: Allgemeine-SS, SS orokorra zena eta Waffen-SS (SS armatua), batik bat polizia lanez eta arraza arazoez aritzen zirenak. Lehen sailekoa zen Gestapo beldurgarria. 1939. urtean Alemaniak Polonia hartu eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenerako, 250.000 gizon inguru biltzen zituen, eta gatazkan borrokalari fanatikoen ospea hartu zuten. SS-ko kideak eskola berezie oso gogorretan hezitzen zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar milaka ijitu, judu, poloniar, komunista zein partisano hil zituzten, sarritan era basatian zigortuz. Aliatuek nazien kontra garaipena lortu eta gerra amaitu ondoren 1946. urtean Nurenberg-eko auzitegiak kriminala deklaratu zuen SS-en erakundea.