Sraffa, Piero
Ekonomialari italiarra (Turin, Italia, 1898 - Cambridge, Ingalaterra, 1983). Neoklasikoen teoria aztertu eta berritu zuen, ekonomialari klasikoen lanetan oinarriturik. Irakasle izan zen Italian, Perugiako (1923) eta Cagliari-ko (1925-27) unibertsitateetan, harik eta 1927. urtean Cambridgeko Unibertsitate ospetsura joan zen arte; han Keynes ekonomialaria eta Wittgenstein filosofoa lagun handiak izan zituen, besteak beste. 1925. urtean Anali di Economia izeneko aldizkarian atera zuen Sulle relazioni fra costo e quantità prodotta eta 1926. urtean Economic Journal aldizkarirako idatzi zuen The Laws of Returns Under Competitive Conditions (Errendimenduaren edo mozkinaren legea konpetentzia perfektuan) izan ziren haren idatzi nagusiak. Bertan, teoria marginalistari kritika gogorra egin zion, haren ustez teoria horren akatsak nabariak baitziren: marginalistek merkatua konkurrentzia perfektua-ren eredua oinarritzat hartuz aztertzen zuten; Sraffa-ren ustez ordea, egokiago litzateke merkatua monopolioaren ikuspuntutik aztertzea, errealitatean merkatuak dituen oztopoak direla medio ez baitio hark inondik inora konkurrentzia perfektua-ren ereduari jarraitzen. Ideia hori izan zen gerora J. Robinson eta E. Chamberlain ekonomialariek garatu zuten Konkurrentzia inperfektua-ren analisiaren oinarria. Ricardo-k eta Marxek hasitako bide beretik gizarte klaseen arteko errentaren banaketa aztertu zuen. 1960. urtean idatzi zuen Production of Commodities by means of Commodities liburuan balioaren teoriaren gainean idatzi zuen. Sraffak sortu zuen ereduan, salgaien presioek ekoizpen kostuak adierazten zituzten, ekonomialari klasikoek erabili izan zuten balioaren nozioari jarraituz. 1930 eta 1971. urte artean Works and Correspondence of David Ricardo izenburupean 11 aletan argitaratu ziren David Ricardoren lanen argitaratzaile izan zen.
- Springsteen, Bruce
- sprint*
- Sputnik
- squash
- Sr
- Sraffa, Piero
- Sri Lanka
- srilankar
- Srinagar
- Srong-Brtsan-Sgam-Po
- SS