Slowacki, Juliusz
Poloniar poeta eta antzerkigilea (Krzemieniec, Polonia, 1809 - Paris, 1849). Adam Mickiewicz eta Zygmunt Krasinski-rekin batera, poloniar idazle erromantiko nagusien taldea osatu zuen. Haren hiztegi aberatsa eta irudi aberatsak ondorengo poeta sinbolistentzat eredu izan ziren. Lituanian ikasi zuen 1829 arte: gero, finantza ministerioan lan egin zuen 1830eko matxinada arte. Dirudienez, matxinatuen aldeko eginkizunen bat egiteagatik lana utzi behar izan zuen. Poloniatik Dresde-ra, Parisa, eta Londresera joan zen. Suitzan eta Italian ere bizi izan zen. Ekialde Hurbilera ere egin zituen bidaiak (1837-1838), baina Parisen eman zituen urte gehienak, hara erbesteratzen baitziren 1830eko matxinadatik ihes egindako poloniarrak. Lan nagusiak: Anhelli (1838) hitz lauz idatzitako poema, Krol-Duch (1847an zati bat, 1925ean osorik, Izpirituaren Erregea). Antzerkiak, Sen srebrnny Salomei (1844, Salomeren zilarrezko ametsa), Fantazy (1843).