Sluter, Claus
Flandestar eskultorea (Haarlem, Holanda, 1345 - Dijon, Burgundia, 1406). 1379an Bruselan ari zen lanean. 1385ean J. de Marville-ren lantegian egiten zituen eskulturak. Filipe Ausarta Burgundiako dukeak eskulturak eskatu zizkien Dijon-go Champmol kapera dekoratzeko. Lan horretan ari zirela, Marville hil egin zen eta Sluter-ek hartu zuen lanaren ardura. Lan asko egin zituen arren, gehienak galdu egin dira. Gaur egun arte iritsi diren lan nagusiak hiru dira: Dijon-go kaperako atariko eskulturak (horietako bat, Ama Birjina Haurrarekin, 1385-1393); Kalbarioa edo Moisesen Putzua (1395-1904) Dijon-go kaperaren klaustroan, eta Filipe Ausartaren hilobia, batez ere emakume deitoratzaileen segizioagatik ezaguna dena. Errealismoa espiritualismoarekin eta irudien handitasunarekin lotu zituen. Haren lanak eragin handia izan zuen XV. mendeko eskultoreen eta margolarien artean.