Serrault, Michel
Frantses antzezlea (Brunoy, Essonne, 1928 – Calvados, 2007). 1954. urtean hasi zen antzezle gisa lanean, baina lehenengo lanak barrea erraz eragitea beste helbururik ez zuten filmetako paperak izan ziren. 1973. urtean, aldiz, antzerkian lortu zuen ospea La Cage aux folles (Eroen kaiola) laneko Zaza Napoli trabestiaren paperean. Lan horren aurretik, zineman Le Viager (1972) lanean ospetsu egingo zuten paperen eredua aurkitu zuen. Urte horretan bertan Un meurtre est un meurtre (Hilketa bat hilketa bat da) ikerketa metodo susmagarriez baliatzen den polizia baten papera egin zuen. Hala, Serrault-en karrera lan komikoen eta ezohikoen artean igaro zen. Alde batetik, aipatutako Cage aux folles (1978-1985) eta Pierre Tcherniaren komedia satirikoak, Les Gaspards (1974), La Gueule de l'autre (1979, Bestearen aurpegia), eta, beste alde batetik, gaizkiaren hezur mamitzea, hala nola, Fantômes du chapelier (1982, Txapelgilearen mamuak) laneko itotzailea, À mort l'arbitre (1984), Docteur Petiot (1990), Mortelle randonnée (1983, Bira hilkorra), On ne meurt que deux fois (1986, Bitan besterik ez da hiltzen). Horrez gainera, Serrault-ek maisutasun handiz egin zituen ñabarduraz beteriko pertsonaiak, hala nola, Garde à vue (1981, Adi egon) eta Nelly et monsieur Arnaud (1995) lanetako pertsonaia bakartiak.