Serrano, Andrés
Estatubatuar argazkilari eta artista plastikoa (New York, 1950). Aita Honduraskoa zuen eta ama afrokubatarra. Bere obran probokazioaren bideari heldu dio, eta gizakiari eragiten dioten oinarrizko eta hurbileko gaiak landu ditu batez ere (bizitza, heriotza, sexua, erlijioa), ikuspegi heterodoxo baina erreferentzia klasikoez beteriko batetik; bide horretan erabili duen zakartasunak haserrea sortu izan du, sarritan, klase burgesetan. Adibidez, gernuz bustiriko gurutze bat ageri duen Piss Christ (1984) obrak protesta eta ondoez handia eragin zuen Estatu Batuetako gizarteko talde kontserbadoreenetan; hainbesterainoko istilua sorrarazi zuen, non eztabaida nazionala sortu baitzen Estatu Batuetako kongresuko biltzarrean. Harrezkero gero eta erradikalagoa izan da Serranoren artea, eta horrela eman zuen argitara 1996an Sexu istorio bat argazki saila, zeina izan baitzen harriduraz baina begi onez hartua Parisen eta Madrilen egindako erakusketetan. Aurretik ere ospe handiko lanak egina zen, adibidez Alderraiak (1990) eskaleen argazkiez osaturiko saila; Klaneko gizonak (1990), Ku-Klux-Klaneko kideen argazkiena; Eliza (1991) erlijio irudiez osatua, edo La morgue (1992), zeinetan gorpuak agertu baitzituen. Serraren lanean nabarmentzen da klasizismoaren eragina, adibidez Italiako Berpizkundeari, espainiar barrokoari eta modernitatearen aitzindariei egiten dizkien erreferentziekin. Kritikariek Michelangeloren oreka plastikoaren, Goyaren izugarrikeriaren edo Murilloren birtuosismo barrokoaren kutsua ikusi diete bere argazkiei, eta bere gaiak eskandalugarritzat hartuak izan diren arren, baretasuna, hoztasuna eta sortzailearen fintasuna nabarmentzen dira haietan.