Sertorio, Quinto
Erromatar jenerala (Nursia, K.a. 123 - Osca, K.a. 72). Marioren laguntzailea izan zen Galian (K.a. 102) eta haren alde borrokatu zen gerra zibiletan, Silaren aurka (K.a. 87-86). Hispaniara joan zen Sila Italian jaun eta jabe geratu ondoren, eta K.a. 80. urtean lusitaniarrei lagundu zien Silaren aurka, eta Oscan erromatar errepublika burujabe bat antolatu zuen. K.a. 78. urtetik aurrera, ekialdeko baskoien laguntza izan zuen Erromak haren aurka bidali zituen Metelo eta Ponpeioren aurkako gerretan eta K.a. 75. urtean Mitridate Pontoko erregearen laguntza jaso zuen, baina aliantza hura alferrikakoa izan zen. Bere ofizialek hil zuten.