Sert, Josep Maria
Kataluniar pintorea (Bartzelona, 1874 - Bartzelona, 1945). Lonjan eta Bartzelonan egin zituen pinturako ikasketak eta 1899. urtean Parisa joan zen. Horma-pinturak landu zituen batez ere. Horma-pintura ikusgarriak egin zituen Vic-eko katedralean, Madrilgo Salamanca markesen egoitzan, Bartzelonako Francisco Cambóren jauregian, New Yorkeko Waldorf Astoria hoteleko jangelan eta hiri bereko Rockefeller Center gunean, besteak beste. Sert-enak dira, orobat, Donostiako San Telmoko eliza-museoko horma-pinturak.