Selten, Reinhard
Alemaniar ekonomista eta matematikaria (Breslau, 1930). Matematikan eta ekonomia zientzietan graduatu zen Frankfurteko Unibertsitatean, eta hiri hartan hasi zen irakasle gisa lanean. Harrezkero irakasle izan da Berlingo Unibertsitate Librean, Bielefeldekoan eta, 1984az gero, Bonngo Friedrich Wilhelmean, ekonomia zientzietako katedradun gisa. Bere aztergai nagusiak gizarte jokoak, batez ere pokerra edo xakea izan dira. Bere teoriekin joko horietako parte hartzaile arrazionalen jokabidearen azterketa matematikoa egin nahi izan du, eta orobat saiatu da gatazka egoeretarako erabaki estrategiak eta jokamoldeak zehazten. 1994an Ekonomiako Nobel saria eman zioten, jolas ez kooperatiboetako orekaren teoriaren bultzatzaile gisa egindako lanarengatik. Harsanyi eta John Nash estatubatuarrekin batera eskuratu zuen sari hura, hirurek teoria beraren inguruko lan osagarriak egin baitzituzten, 1940ko hamarraldi hasieran Morgenstern ekonomistak eta Von Neuman matematikariak Jokoen eta portaera ekonomikoaren teoria lanean aurkezturiko printzipioak harturik oinarri.