Seljuk dinastia
X-XIII. mendeetan Iran, Siria eta Asia Txikian hedatu zen dinastia turkiarra. Oro har, Asiako mendebalera zabaldu ziren lehen turkiarrei ematen zaie seljuktar izena. Dinastia Seljuk buruzagiak sortu zuen X. mendean. Haren agintepean, Syr Daria ibaiaren lurretara aldatu ziren oghuz turkiarrak eta musulman sunni bihurtu ziren. 1055. urtean, Toghril Beg, lehen seljuk errege garrantzitsua, Bagdad-eko hiriaz jabetu zen, eta Alp-Arslam haren ondorengoak Armenia konkistatu (1064), Siria aldera hedatu zen haren eragina, Alepo hiriraino, eta bizantziarrak menderatu zituen Manzikert-eko guduan (1071). Malik Shah ondorengo erregeak (1072-1092) Asia Txikiko alde handiena bereganatu zuen eta Mediterraneo itsasotik Turkestan-eraino zabaltzen zen inperio bat eratu zuen. Asasinoen eta xiiten aurka izan zituen borroka handiengatik ere, ortodoxia sunnia zabaldu zuen inperioan, horretarako sortu zituen madrasa edo eskolen bitartez. Malik Shah hil ondoren banatu zen inperioa; Sanjar-ek (1096-1157) hartu zuen ekialdea, eta Pertsiako sultanerria sortu zuen (1194an amaiatu zen seljuk dinastia Pertsian). Siriako seljuk printzerriak berehala arabiartu ziren: Damasko (1104), Alepo (1117), baina Asia Txikiko sultanerria, bizantziarren edo, arabiarrek deitu bezala rum-en, lurraldea okupatu zuena, biziki indartu zen Manzikert-eko guduaren ondoren (1071), eta egungo turkiarren lurraldea gorpuztu zen han. Seljuktarrak bizantziarren, gurutzatuen, turkiar danishmendiarren eta armeniarren aurka borrokatu ziren. 1080. urtetik aurrera, Asia Txikiko kostaldea utzi eta Anatoliako mendietara jo behar izan zuten, gurutzatuei ezin eutsi zietela. XII. mendean, biderik gabe geratu ziren gurutzatuak Anatolian barrena eta Kilij Arslan II.ak (1155-1192) erabat menderatu zituen danishmendiarrak eta Anatoliako turkiarren buruzagi nagusi geratu zen bizantziarren, gurutzatuen eta ekialdeko armeniarren aurrean. XIII. mendearen hasieran, lurralde ugari kendu zizkieten turkiarrek bizantziarrei eta armeniarrei, eta Kaykobad I.aren garaian (1219-1237), Anatolia ia osorik zegoen turkiarren mendean. 1243. urtean, ordea, mongoliarrak nagusitu ziren Kense Dagh-eko guduan eta 1307an erregeorde bat ezarri zuten Konya-ko lurraldean. Anatoliako gainerako lurretan beylik edo turkiar printzerri txiki batzuk eratu ziren eta, geroago, haietako batek, otomandarren printzerriak, hartu zuen seljuk inperioa berritzeko xedea (XIV. m.).
- Seleukos
- seleukotar
- Selif
- Selim
- Selinonte
- Seljuk dinastia
- Seljuk
- seljuktar
- Selkirk, Alexander
- Selten, Reinhard
- Seltz ura