Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seaska

Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea. 117 irakasle eta langile eta 1.300 ikasle inguru biltzen ditu gaur egun (1994), Hendaiatik Atharratzeraino, 17 ama ikastoletan, 16 lehen hezkuntzako ikastetxetan eta bigarren hezkuntzako ikastegi batean (“Bernat Etxepare”, Kanbo). Urtero egiten du Seaskak bere jai egun handia, maiatzean, Herri Urrats izeneko ospakizunean. v Historia. Lehen ikastola Argitxu Nobliak sortu zuen 1968an Baionan, gero Arrangoitzera aldatu zutena. Hurrengo urtean sortu Seaska. 1970ean antolatu ziren Baionako eta Donibane Lohizuneko ikastolak eta handik aurrera hasi ziren ikastolak han-hemenka zabaltzen, zailtasun handien artean, frantses administrazioak inolako ofizialtasunik ezagutzen ez zielako. 1980-1981 ikasturtean eratu zen Donibane Lohizunen bigarren hezkuntzarako lehen ikastegia eta, Baionan egon ondoren, Kanbon dago 1983-1984 ikasturtetik aurrera. 1983ra arte, Ipar Euskal Herriko ikastolek ez zuten inolako laguntzarik jaso. 1985ean ikastolak eta gisa horretako hezkuntza ikastegiak nolabait ezagutzen zituen legea onartu zuen Frantziako Legebiltzarrak, baina bidea galarazi zion ondoren Estatuko Kontseiluak. 1989tik aurrera hitzarmen batzuk izenpetu dituzte Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak, murritzak betiere; nahiz eta jadanik Lizeoko ikasketak ere egiten diren euskaraz, erabateko normaltasuna negoziazio bidean dago.