Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seattle

Estatu Batuetako ipar-mendebaleko hiria eta portua, Puget Sound izeneko badiaren ertzean (Washington). Washington-go estatuko hiri jendetsuena da. 493.846 biztanle (1.606.765 biztanle hirialdean). Olympic mendien mazeletan dago hiria, Puget Sound badiaren eta Washington aintziraren artean. Estatu Batuetako ipar-mendebaleko merkataritza, finantza eta industria hiri nagusia da. Alaskatik, Kanadatik eta Asiako ekialdeko herrietatik datozen gaiak hartzen ditu hango portuak, eta handik ikatza, laboreak eta irina bideratzen dira. Garraio gune guztiz garrantzitsua da hiria. Aireportua. Munta handiko industria dago, erruz ustiatzen den energia elektrikoari esker: hegazkingintza (Boeing konpainia), makineria, zuraren industria, janari industria eta elektronika gaiak. Washington-eko unibertsitate nagusia dago bertan. Museo interesgarria (Indiako eta Asiako ekialdeko herrietako erakusgarriak). v Historia. 1851. urtean kokatu ziren lehenengoz kolono zuriak lurralde haietan, eta hasieran aurka izan zuten Seattle buruzagi indiarraren izena eman zioten hiri berriari. 1890tik aurrera, Alaskara zihoazen urreketarien abiapuntu izan zen, eta Panamako ubidea zabaldu ondoren (1914) gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen portuak.