Sebastian, santua
Kristau martiria (III. m.). Haren bizitzaren eta heriotzaren inguruko tradizioen arabera, galiarra zen eta 284. urte aldera jo zuen Erromara soldadu gisa. Kapitain egin zuten Diocleziano enperadorearen garaian. Kristau zela ohartu zirenean, preso hartu eta geziz hiltzea erabaki zuten. Hiltzat utzi zuten, geziz josia, baina kristau emakume alargun batek hartu eta zaindu zuen sendatu zen arte. Berriro azaldu zen Dioclezianoren aurrean, eta hark hil arte makilaz jo zezatela agindu zuen. Estolda batean jaso zuten hilotza emakume batzuek eta Sebastian-ek katakunbetan ehortzeko esaten ziela amestu zuten horiek. Kristau tradizioaren arabera, Erromako San Sebastiano basilikan gorde ziren erlikiak, eta ospe handia hartu zuen santuak Erdi Arotik aurrera. Euskal Herrian, haren izena eman zitzaion toki askori, Donostia hiriari, besteak beste. Berpizkundeko margolari nagusi askoren gaia izan zen San Sebastianen martirioa (Bernini, Botticcelli, Mantegna, Perugino, Greco).