Schuschnigg, Kurt von
Austriar politikaria eta idazlea (Riva, 1897 - Muters, 1977). Zuzenbide ikasketak egin ondoren, Innsbruck-en izan zen abokatu. 1927. urtetik aurrera diputatu izan zen alderdi kristau-sozialaren eskutik. 1934. urtean Dollfuss hil zutenean hautatu zuten Austriako kantziler. Alemaniarekiko ezadostasunak leuntzen saiatu bazen ere, zenbait gauzatan amore eman behar izan zion Alemaniari; Austriaren independentzia onartzearen truke nazi moderatu batzuk hartu behar izan zituen bere gobernuan. Hitler-ek, Austria, Hungaria eta Txekoslovakiaren arteko balizko aliantza bat saihestearren, Barne ministerioko karguan Seyss-Inquart Austriako alderdi naziko buruzagia jartzera behartu zuen Schuschnigg (1938). Dimisioa eman zuen Schuschnigg-ek eta alemaniarrek Austria inbaditu zutenean Dachau-ra deportatu zuten. Gerra bukatzean Estatu Batuetara joan zen.