Schwartz Girón, Fernando
Espainiar idazle eta kazetaria (Geneva, 1937). Zuzenbide eta diplomaziako ikasketak egin zituen. Diplomatiko gisa, 1965ean Costa Rican izan zen, 1968an Londresen, eta 1971n, Sttugarten (Alemania). 1973an Nazio Batuentzat lan egin zuen, 1976 arte. Azken urte horretan Kanpo Arazoetako ministeriora bidali zuten, Madrila. 1977 eta 1981 bitartean Espainiako enbaxadore izan zen Kuwaiten, eta hurrengo urtean Informazio Diplomatikoko Bulegoko zuzendari nagusi izendatu zuten. Geroago, kargu hori utzita, Espainiako enbaxadore izan zen Holandan, 1988 arte. Urte hartan diplomazia karrera utzi eta El País egunkariaren eta Prisa eta Timón taldeen argitalpen batzordearen buruzagitza hartu zuen. 1995ean telebistan hasi zen lanean, aurkezle gisa; urtebete geroago literaturako Planeta saria irabazi zuen El desencuentro liburuarekin. Urte batzuk lehenago, 1982an, finalista izana zen La conspiración del golfo liburuarekin. Beste lan aipagarri batzuk: La internacionalización de la Guerra Civil española (1971); Al sur de Cartago (1985); El teléfono blanco (1989); El viajero ocasional (1990); Kuwait (1990); eta La reina de Serbia (1993).